Quantcast
Channel: Arkitektura adaxkak » Partehartze hirigintza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 5

Getxo Berpiztu!

$
0
0

Aretxondoko aldapak Algortako Portu Zaharrera ematen du bidea. Algorta herria, berez, Getxoko auzo bat besterik ez da, eta, aldi berean, Portu Zaharra Algortako azpiauzotzat ere jo daiteke. Nortasun handiko tokia, edozein kasutan. Aretxondoko aldapa horretan, badago urteetan zehar hutsik egondako orube bat, haritzez, intxaurrondoz eta gereziondoz zipriztinduta.getxo berpiztu

Getxoko alkate izandako Sarriak utzitako oinordekotza isila dugu orube hori; esku pribatuetatik publikoetara igaro zenean, orubea hondatzen joan zen, pixkanaka. Momentu horretan, gertuko hainbat bizilagunen lanari esker, arbolak landatu zituzten eta sastrakak jaso, minimo batzuk lortu arte. Lan horiek eta gero, Udalak atondura lanak bere gain hartu baditu ere, orubea oraindik egoera “ezezagun” batean dago, gure herri eta hirietan sarri agertzen diren beste hamaika orube legez.

Urte batzuen buruan, gazteei zuzendutako ideia lehiaketa baten ondorio bezala sortu zen Getxo Berpiztu! ekimena; xedea, udalerriko espazioen gabeziak aztertu, eta, narriatutako orube bat adibidetzat hartuz, herritarren hitza erabilgarria izan zitekeela erakutsi. Udalak Aretxondoko orubea aukeratu zuen, laborategiko lagin bezala, eta parte-hartzearen komeriak hasi ziren.

Horrela ba, azkenengo hilabeteetan, Getxo Berpiztu! ekimenak orube horren inguruko parte-hartze kolektiboko prozesua jarri du abian, bizilagunekin, politikariekin, teknikariekin bilera luzeak gauzatuz, Internetez, postaz, telefonoz, edozein modutan iritziak eta ikuspuntuak metatuz.

Zaila da hitz joko bitxi hori aztertzea: “parte-hartze” + “kolektibo” + “prozesua” hitzok aldi berean metatuz gero, zer gertatzen da, zer ematen da aditzera?

Parte-hartzea aipatzen denean, honakoa izan behar da kontuan: politikari orok, edozein kolorekoa izanik, 2006ko Euskal Lurzoru Legeak aurreikusitakoa betez, herri parte-hartzea bultzatu beharra du hiri-planeamendu bat aurrera eramateko. Baina parte-hartze hori, maiz, udal lehiaketa baten ostean teknikariek aukeratutako hiru edo laur eraikinen arteko herri bozketa huts bilakatzen da, herritarra erabaki faseetatik aldenduz. Baina parte-hartzea oso modu baliotsuan ere kudea daiteke, eta ez da zertan udal botereen kontrako zerbait bezala ikusi behar. Maiz, politikariak herritarren esanetara egoten dira, irizpide finkorik gabe, nora ezean. Parte-hartzea ondo bideratuz gero, politikariek herritarren desioak eta gabeziak jakiteko modu oso egokia topatuko lukete.

Kolektibo aipatzen denean gizarte batean sortutako talde bati buruz ari gara. Hirigune trinkoetan, auzo nortasuna galtzen den heinean, gertuko bizilagunekin kontaktu falta sumatzen dugu; jada ez dugu aldamenekoa ezagutzen, eta auzokideen bilerak astunak eta tirabiratsuak bilakatzen dira. Ez da guztien artean zerbait aldarrikatzeko girorik aproposena. Hots, hiritarrok, antolatu ezean, txiki gelditzen gara botereen aurrean. Arestian esan bezala, horrek ez du zertan botere publikoa izutu behar, aldarrikapen eta balizko purrustadak ondo bideratuz gero hirigintza orekatuago eta bidezkoago batera eraman baikaituzte.

Prozesua aipatzean, Getxo Berpiztu! taldeak hainbat prozesu garatu ditu; egun, Goteo.org orrialdetik crowdfunding bezala ezagututako finantziazio parte-hartzaile kanpaina baten bitartez jaso nahi dute ekimen txiki bat burutzeko lain diru. Hori baino lehen, herriko hainbat pertsonekin talde eragile bat osotu zuten, eta, ondoren, gertuko institutu eta eskoletan ibili dira, sentsibilizazio eta hedapen lana burutuz.

Zer gertatuko da Aretxondoko orubearekin? Ekimen soil honetan geldituko da, herritarren auzolan ekimen txiki bat izango da, edo Udalak parte hartuko du, eta ebatzitako beharrak eta desioak aintzat hartu? Aurki egin beharreko Getxoko plangintza orokorraren berrikuspenean tankera honetako parte-hartzerik ikusiko dugu?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz Gaur8-ko erredakzioan orraztua. ©Baigorri Argitaletxea

Post Scriptum: Prozesua modu ezin hobean eraman bada ere, azkenengo emaitza ematerako orduan zerbaitek kale egin du. Getxo Berpiztuko orrialdean, taldeko kideek horrela azaltzen dute arazoa:

Etxolaren eraispena eta oruberako sarreraren eraikuntza obren gauzatzearekin lotuta dauden Udal kudeaketa arazoak direla medio, proiektua ezin da Udala eta talde sustatzailearen artean adostutako egutegian burutu. Prozesuak espazio publikoaren eraldaketa fisikoa hasieratik biltzen zuela azpimarratu nahi dugu, eta gai honen kudeaketa eta erregularizazioa argitu beharrean nabarmendu du hasieratik talde sustatzaileak. Hala ere, Udalak ez du jakin administrazio prozedurak zegokion momentuan martxan jartzen.



Viewing all articles
Browse latest Browse all 5